Orain Orioko Aukera Independentea herri plataformak, hiru agintaldiren ondoren, bere "ibilbidea bukatzeko momentua" dela erabaki du, eta ohar bidez jakinarazi du ez dela aurkeztuko maiatzeko udal hauteskundeetara. "Taldea jaio zen Orioko Udalak zeraman martxa aldatzeko. Jende asko ginen, herriko eragile eta talde desberdinetan lanean jardun eta Udalarekin deseroso geundenak. Batez ere, egiteko moduak ziren aldatu nahi genituenak, eta horretan saiatu gara hamabi urte hauetan", azaldu dute.
Ibilbidea "gogorra bezain polita" izan dela aitortu dute. Gai asko jorratu dituztela, baina "guztietan jator eta zintzo" jardun direla azpimarratu dute. "Jarrera eraikitzailea izan dugu ardatz beti eta gure ekarpen guztiak oriotarren bizitza hobetzen laguntzeko izan dira". Ildo horretan, jasotako botoak "erantzukizun eta ardura handiz" erabili dituztela eta askotan "erabakigarriak" izan direla ere gaineratu dute. "Horregatik, lasai eta harro gaude egindako guztiarekin, gustura".
Bukatzeko, eskerrak eman dizkiete beraiengan konfiantza jarri duten guztiei, baita beren jarduna aurrera eramaten lagundu dieten guztiei ere, "Udaleko langileetatik hasita. Eta nola ez gure zinegotziei, zuei tokatu zaizuelako aurpegia ematea: Jokin, Miriam, Txabola eta Iparra".