Cebanc izango da Orioko emakumezko traineruaren babesle berria

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 9a, 13:59

Emakumezkoen trainerua babestuko du Cebanc Formakuntza Zentroak. (Orio Arraunketa Elkartea)

Cebanceko ordezkariek agerraldian azaldu zuten, Orioko arraunlariak "eredu" direla gainontzeko emakumeentzat.

Atzo, Emakumeen Nazioarteko Egunean, jakinarazi zuten Cebanc izango dela Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen traineruaren babesle berria. Prentsa agerraldia egin zuten Cebanc Formakuntza Zentroan, eta bertan izan ziren Cebanceko Giza Baliabideen eta Berdintasun zuzendari Igone Urkiri, Orio Arraunketa Elkarteko presidente Iosu Esnaola eta emakumezkoen traineruko hainbat kide, tartean Nadeth Agirre patroia. Agerraldian bi erakundeek sinatu duten hitzarmenaren berri eman zuten, eta Urkirik azaldu zuten Orioko arraunlariak "eredu" direla ikasleentzat. "Lidergo parekidearekin dugun konpromisoa adierazgarria da. Orioko arraunlariak, baita gainontzeko klubetakoak ere, berdintasunaren alde egiten duten lanarekin identifikatuta sentitzen gara. Urteetan gizonezkoen kirol-esparrua izan dena, emakume arraunlariei esker, orain beste modu batera ikusten da. Aldaketa bat eman da, eta aldaketaren lehen lerroan emakumeak izan dira. Eredu hori bizitzako beste esparru batzuetara eramaterik bagenu, ikaragarria litzateke", azaldu zuen Cebanceko ordezkariak.

Nadeth Agirrek ere hartu zuen hitza agerraldian, eta emakumezkoen trainerua lehen aldiz atera zutenetik taldeak egindako lan "handia" azpimarratu zuen; horrez gain, formakuntza zentroaren filosofia ere nabarmendu zuen patroi oriotarrak:  "Cebancek berdintasun balioak zabaltzen ditu ikasleen artean, eta erakusten du pausu txikiak eginez posible dela gora iristea. Alderdi profesionalean emakumea gai da liderra izateko, gizona bezala. Oraindik oztopoak gainditu behar dira bidean, baina aurrera egitera animatuko nituzke ikasleak", azaldu zuen. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide