Hainbat hilabetez itxita egon ondoren, gaur zabaldu dute Orioko kanpina. Azaroaren 13ra arte egongo da zabalik aurten eta, kanpinarekin batera, baita Boga-Boga taberna, jatetxea eta supermerkatua ere.
Jone Olaskoaga kanpineko zuzendariaren hitzetan aurtengo helburua da "behe denboraldian eta tarteko denboraldietan okupazioa zertxobait igotzea, eta goi denboraldian, aldiz, ohiko % 90-95eko okupazioari eustea". Zentzu honetan, denboraldi hasiera ona izango du kanpinak. Izan ere, arraun ekitaldi garrantzitsuak aurreikusten dira datozen bi asteburuetan, eta erreserba asko ari dira jasotzen: "lehen egunean telefonoa gelditu gabe ari da joka, eta erreserba motorrak ere 30etik gora erreserba jaso ditu jada", aitortu du Olaskoagak.
Bi berrikuntza nagusi
Aurten, gainera, bi berrikuntza nagusi izango ditu kanpinak. Alde batetik, eraikin nagusiaren teilatuan jarri diren eguzki plakak. Haien bidez, kanpina bera, Zaragueta eskola eta hondartzako kabinak energia fotovoltaikoarekin hornituko dira.
Bestetik, erreserbak eta check-in-ak egiteko online sistema berria estreinatu du kanpinak: "Aurretik genituen zailtasunei erantzuna ematera dator. Azkarragoa da, seguruagoa eta akatsik gabea, eta helburu nagusia bezeroen itxarote-denbora murriztea da. Horrela, gurekin izango duten esperientzia hobetu nahi dugu" nabarmendu du.