Orioko Udaleko Hezkuntza Batzordeak eskuorria prestatu du Orioko ikastetxeei buruzko informazioa herriko etxe guztietara zabaltzeko. Bi helburu nagusi lortu nahi ditu udalak: batetik, herrian dagoen eskaintza zabalaren berri ematea, eta, bestetik, Orioko haurrek herrian ikasteak duen garrantzia azpimarratzea.
Orion bi ikastetxe daude —IPI Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola— eta bestelako lau hezkuntza-eragile: Maria Maestra Haurreskola, Danbolin Musika Eskola, Ludoteka eta Gaztelekua. Orioko Udalaren esanetan "guztien artean ederki asetzen dituzte herriko haur eta gazteen ikasketa- eta aisialdi-beharrak". Gainera, udalak azaldu du "oso kalitate oneko eskaintza daukala herriak hezkuntza formalaren alorrean. Bai Zaragueta eskolak eta bai ikastolak euskaraz irakasten dute eta bat datoz herriaren ezaugarriekin eta apustu estrategikoekin: kalitatezko hezkuntza euskalduna eta eleaniztuna, euskal kulturaren transmisioa eta sustapena, Orioko curriculumean oinarritutako edukiak, herrian txertatutako jarduerak, inplikazioa, errespetua, hezkidetzaren lanketa, ingurumenaren zaintza…"
Egunotan banatu den eskuorriaren edukia ikastetxeekin landu du Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeak.