San Nikolas Jaiak

Kirola eta elkartasuna, eskutik

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 8a, 15:30

Orioko eta Zarauzko 230 haur eta gaztek baino gehiagok parte hartu dute 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioan. Antolatzeak lana ematen duen arren, ahaleginak merezi duela ziurtatu dute antolatzaileek.

Kalean eguraldi eskasa zegoen gaur goizean; Karelan, aldiz, giro bikaina. Sanikolasetako azken egunari goizean goiz ekin diote 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioaren antolatzaileek, alegia, Orioko Herri Ikastolako eta Zast saskibaloi taldeko kideek; baita kirol ekitaldian parte hartzekoak ziren jokalaririk gazteenek eta haien gurasoek ere. Izan ere, 08:45erako hitzordua jarria zuten Orioko kiroldegian.

Harrera egin ostean, agindutako orduan, 09:00etan puntuan, ekin diote lehiari, eta eguerdira arte festak ez du izan etenik­. Guztira, LH3tik DBH4ra arteko Zarauzko eta Orioko 231 haurrek eta gaztek parte hartu dute, 48 taldetan banatuta. Festa bukatzean, gustura zeuden antolatzaileak, dena pentsatuta eta prestatuta bezala joan zelako. "Antolatzeak lana ematen du, baina jendeak urtez urte nola erantzuten duen ikusita, argi dago ahalegina egiteak merezi duela", adierazi du Unai Eizagirre Orioko Ikastolako irakasleak. 

Gaurko saskibaloi festak, ordea, lehiatik adina izan du elkartasunetik. Parte hartzaileek bina euroko ekarpena egin zuten saskibaloi festan parte hartzeko, eta horrez gain, antolatzaileek eskatutako materiala ekarri dute gaur: gizonezkoentzako arropa, lotarako materiala, gailu elektronikoak eta abar. Herritarron Harrera Sarera bideratuko dute bildutako guztia, duela pare bat aste herritar talde batek egindako bilketan jasotakoarekin batera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide