08:00ak aldera elkartu dira hamabi lagun inguru herriko pilotalekuan, sanikolasetan ohikoa den babarrun jana prestatzen hasteko. 210 lagunentzako otordua jarri dute, eta 14:30ean hasi dira mahaiak eta aulkiak janariz eta herritarrez betetzen.
Ordubete lehenago, 13:30ean, plazatik abiatu da Elektrotxaranga, eta asko haren erritmoari segika iritsi da frontoira. Presarik gabe bazkaldu dute han elkartutako kuadrillek, umore onean.
Goiz-eguerdi partean, Kamel Ziani krosa eta dantzari txikien suelto txapelketa ere egin dira herrian, eta giro polita sortu dute biek.
Arratsalde iluntze parterako ere egitarau oparoa dago prest herrian:
- 16:00. Haurrentzako tailerrak, Kultur Etxearen atzeko plazan. Antolatzaileek eskatu dute umeek kamiseta txuri bat eraman dezatela, jantzita daramaten arropaz gain.
- 16:00. Andoni Ollokiegiren musika emanaldia, pilotalekuan.
- 17:30. Elektrotxaranga, pilotalekutik abiatuta.
- 18:00. Helduen dardo txapelketa, Bikamiotan.
- 18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin.
- 22:00. Bertso saioa, kiroldegian. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzailea: Unai Manterola.
- 21:00. Shanghai Qiutian, Ithaka, Willis Drummond eta DJ Txankletaren kontzertuak, plazan.