Pasa den ostegunean, omenaldi hunkigarria jaso zuen Anjel Lertxundi idazleak jaioterrian. Aritz Mutiozabal eta Ibon Gaztañazpi kazetariek Lertxundirekin izan zuten elkarrizketa-solasaldia izan zen saioaren muina, eta umetako oroitzapenez, euskararen lehengo eta oraingo egoeraz, literaturan egindako lehen urratsez eta ondorengo ibilbideaz eta beste hainbat kontuz jardun zuen Lertxundik.
Elkarrizketa bukatutakoan, Anjel Lertxundiri aitortza egin zion Karkara kultur elkarteak, Orioko Udalaren babesarekin, eta beste hainbat herritar igo ziren oholtzara: Xabier Lizaso piano jotzailea, Xabier Sukia eta Jon Sarasua bertsolariak, Eli Manterola Karkara kultur elkarteko kidea, Anuska Esnal Orioko alkateak eta Anjel Lertxundiren bost bilobak, besteak beste.