Jostailuen eta liburuen truke azoka abenduaren 17an izango da

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 28a, 12:06

Aurten, Herrio natur taldeak, Zaragueta Herri eskolak eta Orioko Herri Ikastolak elkarlanean antolatu dute jostailuen eta liburuen truke azoka. Azoka eguna baino lehenago bi hitzordu jarri dituzte liburuak eta jostailuak biltzeko: abenduak 2an, ostirala, 16:00etatik 17:00etara Zaragueta Herri Eskolan eta 16:30etik 17:30era Orioko Herri Ikastolan; eta abenduak 16an, ostirala: 17:00etatik 19:00etara, Herriko Plazan.

Herrian pareko ibilbidea izan dute Zaragueta Herri Eskolak Euskararen Egunaren bueltan antolatzen duen liburu azokak eta Herrio natur taldeak abenduan antolatzen duen jostailu erabilien truke azokak, eta bi ekimenen filosofia antzekoa izaki, eta indarrak bateratze aldera, aurten azoka elkarrekin antolatzeko erabaki dute. Eta bi eragile horiez gain, Orioko Herri Ikastola ere partaide izango da ekimen hau antolatzeko orduan. Horiek horrela, etxeetan erabiltzen edo behar ez diren liburu zein jostailuak prestatzeko deia egin dute, "orain duzue-eta horiei guztiei erabilpen berri bat emateko aukera". Ekimenaren helburuak "euskara, trukea eta berrerabilpena sustatzea" direla azaldu dute antolatzaileek, eta baita "gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea ere".

Abenduaren 17an izango da jostailuen eta liburuen truke azoka, 10:30etik 14:00etara, Herriko Plazan. Baina, azoka eguna baino lehen, liburuen zein jostailuen bilketa  egiteko bi hitzordu jarri dituzte:

  • Abenduak 2, ostirala: 16:00etatik 17:00etara Zaragueta Herri Eskolan eta 16:30etik 17:30era Orioko Herri Ikastolan.
  • Abenduak 16, ostirala: 17:00etatik 19:00etara, Herriko Plazan.

Truke sistema

  • Liburuak: euskarazkoak izan behar dute (haur, gazte zein helduen liburuak) eta egoera onean eta osorik egon. Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira. Liburu bakoitzeko berde koloreko txartel bat emango da azoka egunean erabiltzeko.
  • Jostailuak: bilketa egunetan etxetik ekarritako jostailuak sailkatu egingo dituzte hiru koloreren arabera: horia, urdina edo gorria. Nahi izatera, ekarritako jostailuen truke koloretako txartelak jaso ahal izango dituzte herritarrek, azoka egunean jostailuak bueltan hartzeko. Gorri eta urdin sailkatutako lehen bi jostailuen truke kolore bereko bina txartel emango dituzte. Gisa berean sailkatutako gainontzeko jostailuen truke kolore txuriko txartelak emango dituzte. Hori koloreko jostailuen kasuan, ekarri adina txartel. Truke egunean, koloretako txartelak azokak irauten duen ordutegi osoan trukatu ahalko dira; txartel txuriak, aitzitik, 11:30etik aurrera soilik trukatzeko aukera izango da. Horrekin ekidin nahi dute jostailuak ekarri dituen jendea ez gelditzea gustuko jostailurik gabe lehen orduan azokara azaldu ezin duelako. Azokara bertara etxeko jostailuak eramaten dituztenek azokan jarritakoekin trukatu ahal izango dituzte.

Ekimenean parte hartu ahal izateko baldintza honako baldintzak bete beharko direla jakinarazi dute antolatzaileek: 

  • Jostailuek osorik egon behar dute, egoera onean. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez dugu jasoko.
  • Azoka egunean, jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.
  • Ez dute hobesten indarkeria sustatzen duten jostailuak zein sexu bereizketa bultzatzen dutenak ekartzea azokara.

Behin azoka amaitutakoan, inork eraman ez dituen jostailuak eta liburuak irabazi asmorik gabeko erakunde batetara bideratuko dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide