Gipuzkoako Elikagaien Bankuak ostiral eta larunbat honetarako antolatuta zeukan jaki eta oinarrizko produktuen bilketa, eta beste hainbat herritan bezala, Orion ere bildu dituzte produktuak. "Kaxa asko", boluntarioen esanetan. Gainera, nahiago zuenak diru ekarpena egiteko aukera ere bazeukan saltokian bertan.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuko arduradunek helburua ere zehaztuta zuten oraingo kanpainarako: iaz jasotako diru ekarpena –153.000 euro denera– handitzea. Horrekin, 20.000 herritarri lagundu nahi diete.
Kontuak kontu, Orioko bilketa arriskuan egon dela azaldu zuten atzo boluntarioek, Elikagai Bankuak ez zeukalako inor herrian. Hala, herritarrek beraiek eskaini zuten beren burua bilketa egiten laguntzeko, eta sei boluntario aritu dira lantegi horretan.
Egon da gaizki ulerturik ere: herritarrei banatzen zieten informazio esku orrietan jartzen zuen bilketa abenduaren 3ra artekoa izango zela; gaizki zegoen, ordea, atzo bertan amaitzen zelako. Hala, bat baino gehiago gelditu da bere ekarpena egin gabe.