Anjel Lertxundiri omenaldi polita egin zioten atzo iluntzean bere jaioterrian. 19:00ak pasatxo zirela ekin zioten Karkara kultur elkarteak udalaren babesarekin antolatutako ekitaldiari, kultur etxeko areto nagusia leporaino zela.
Xabier Lizaso piano jotzailea izan zen oholtzara igotzen aurrena, eta hark ireki zuen saioa Maurice Ravelen abesti batekin. Haren ostean, Iñaki Iturain ekitaldiaren sustatzailek hartu zuen hitza, ekitaldiaren muina izango zenari bide emateko: Anjel Lertxundirekin elkarrizketa-solasaldia. Aritz Mutiozabal eta Ibon Gaztañazpi kazetariak izan ziren hori gidatu zutenak eta Lertxundiri hamaika kontu polit kontarazi zizkiotenak. Umetako oroitzapenez, euskararen lehengo eta oraingo egoeraz, literaturan egindako lehen urratsez eta ondorengo ibilbideaz eta beste hainbat kontuz jardun zuen Lertxundik.
Ekitaldiaren bigarren zatiak, berriz, gehiago izan zuen aitortzatik eta sorpresatik; izan ere, Lertxundik espero ez zituen herritar ugari igo ziren agertokira. Aurrena, bere bost bilobak; gero, Eli Manterola Karkara kultur elkarteko kidea eta Anuska Esnal Orioko alkatea; eta bukatzeko, Xabier Sukia eta Jon Sarasua bertsolariak. Lertxundik biziki eskertu zuen herrikideengandik jasotako beroa.
Datozen egunetan ekitaldiaren idatzizko kronika eta bideoa argitaratuko ditu KARKARAK bere webgunean, eta datorren ostiralean argia ikusiko duen abenduko KARKARA aldizkarian ere izango du tokia atzoko elkarrizketa-solasaldiak.