Biharko ekitaldi berezia antolatu du Karkara kultur elkarteak, Orioko Udalaren babesarekin: Anjel Lertxundi idazlearekin elkarrizketa-solasaldia. Aritz Mutiozabal eta Ibon Gaztañazpi kazetariek gidatuko dute solasaldia, eta literatura, euskara eta beste hainbat gai izango dituzte hizpide saio horretan. Herritarrek ere izango dute hitza hartzeko aukera.
Ekitaldia kultur etxeko areto nagusian izango da, 19:00etan hasita, eta doako saioa izango den arren, komenigarria da aurrez gonbita hartzea. Kultur etxean bertan eta udalaren webgunean eskuragai daude horiek.