Txapa janzte kolektiboarekin, Euskaraldiari hasiera eman diote Orion

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 19a, 09:46

Hitzez ekiteko garaia den honi hasiera emateko ekitaldia egin dute Herriko Plazan, eta eguraldiak asko lagundu ez badu ere, dozenaka izan dira bertaratu diren herritarrak. Besteak beste, adierazi dute ia 1.000 oriotar izan direla Euskaraldia ariketa kolketiboan parte hartzea erabaki duten herritarrak, eta gainontzekoei ere gauza bera egiteko gonbidapena egin diete. Imanol eta Iratz Urkizu aita-alaben musikak goxatu du ekitaldia.

Eguraldiak asko laguntzen ez bazuen ere, dozenaka herritar bildu ziren atzo arratsaldean Herriko Plazan, Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldian. Ekitaldi xumea bezain polita izan zen, eta Hitzez ekiteko garaia den honetan, agertoki gainean izan zirenek ez ezik, haiei begira zeudenek ere hartu zuten hitza. 

Leire Arrojeriak gidatu zuen ekitaldia, eta saioaren hasieran zein bukaeran Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabak izan ziren oholtza gainera igo zirenak, beren musikarekin arratsaldea goxatzera. Mirian Garcia Euskaraldiko batzordearen koordinatzailea, berriz, adierazpena irakurtzeaz arduratu zen.

Garciak esan zuen hitza dela "komunikatzeko dugun tresnarik indartsuena", hitzak "eraikitzeko, ehuntzeko, harresiak botatzeko eta irabazteko" balio duela; "ekintza herria" garela, "milaka lagun mugiarazi eta auzolanean aritzeko gaitasuna duen herria". Horrenbestez, datozen hamabost egunetan hitzez ekiteko" gonbidapena egin zien herritarrei, "hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak izateko; lorpen txiki, ertain eta handiak; milaka, milioika lorpen".

Eta jarraian, herritarrek hartu zuten hitza. Euskaraldiak iraungo duen bi asteotan beren buruari jarritako erronkez hitz egin zuten. Esate baterako, Rikardo Uzkudunek adierazi zuen ahobizi rola hartu duela, eta bere buruari jarri dion erronka dela Euskal Herriko ertz guztietan lehen hitza euskaraz egita; Ana, belarriprest rola hartu duen euskara ikaslea, euskara ahalik eta gehien erabiltzen eta entzuten saiatuko da; eta Monika, lehendabiziko aldiz ahobizi rola ausartu den oriotarra, euskaraz bizitzen saiatuko da bi asteotan.

Plazan bildutako gainontzeko herritarrek pegatina urdin batzuetan idatzi zituzten beren erronkak, eta panel batean itsasita utzi.

Datu zehatzagoak datozen egunetan emango dituzten arren, ia 1.000 oriotarrek egin dute aurtengo Euskaraldian hitzez ekiteko hautua.

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide