Bihar hasiko da Euskaraldia, eta gaurko eta biharko hainbat ekintza antolatu ditu egitasmoaren antolakuntza batzordeak. Gaur arratsaldean, 18:30ean hasita, Ahobizi eman dut izena Euskaraldian, eta orain? pistak eta aholkuak hitzaldia emango du Inaxio Usarralde aholkulariak. Kultur etxean izango da hori. Aurrez, 17:30ean hasita, Euskaraldirako txapak jasotzeko eta banderatxoak erosteko aukera izango da kultur etxean bertan.
Bihar arratsaldean, berriz, Euskaraldiaren hasiera ekitaldia izango da Herriko Plazan, 19:00etan hasita. Leire Arrojeria esatariak eta Iratz musikariak hartuko dute parte saioan, eta musikaz gain, erronkak eta txapa janzte kolektiboa ere egingo dira. Aurrez, 18:30etik aurrera, txapak jasotzeko aukera izango da Herriko Plazan.