Santa Zezilia egunean kalejira eta ekitaldia egingo dituzte musika eskolako ikasleek

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 15a, 15:42

Iaz, Santa Zezilia eguna ospatzeko, Herriko Plazan eman zuten kontzertua.

Azaroaren 22an, Santa Zezilia eguna izango da, musikarien eguna, eta kalejiran irtengo dira musika eskolako ikasleak. Herrian zehar hainbat geldialdi egin ostean, plazan ekitalditxoa egingo dute bandarekin batera, eta ondoren, txokolate beroa egongo da parte hartzaileentzat.

Datorren asteartea, azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna izango da, musikarien eguna, eta hori ospatzeko, kalejiran irtengo dira Danbolin musika eskolako ikasleak.

Lehendabiziko geldialdia kultur etxearen atzeko plazan egingo dute, 17:30ean, eta han, gitarra eta biolin taldeek emanalditxo bat eskainiko dute. Ondoren, trikitilari eta panderojoleekin futbol zelaiaren aurreko plazara joango dira kalejiran, eta dantzarien erakustaldi txiki bat izango da bertan. Handik Herriko Plazara joango dira denak, eta bandako eta txistuko ikasleek zenbait pieza joko dituzte. Ekitaldiari amaiera emateko, musika mintzairako ikasle gaztetxoenek abesti bat kantatuko dute bandarekin batera, eta ikusleak gonbidatuko dituzte haiekin kantatzera.

Amaitutakoan, saioan parte hartu duten ikasle guztiei txokolate beroa banatuko diete.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide