Larrialdi zerbitzuak 58 urteko gizonezko baten bila dabiltzala jakinarazi dute gaur sare sozialen bidez. Orioko bizilaguna dela eta atzotik desagertuta dagoela baieztatu du Ertzaintzak. Familiak eman du desagerpenaren berri larrialdi zerbitzuetan, eta gaur 15:00etan abiatu dute bilaketa dispositiboa.
Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, Ertzaintza, larrialdi zebitzuetako txakur bidezko bilaketa taldea, erreskate taldea eta udaltzaingoa parte hartzen ari dira bilaketa lanetan, eta behar izanez gero, helikopteroa, suhiltzaileak, txakur bidezko erreskate taldea, Gurutze Gorria eta DYA ere parte hartzeko prest daudela adierazi dute ohar bidez. Bilaketa dispositiboa Larrialdi Zerbitzuetako teknikari batek koordinatzen du, eta azaldu dute beharren arabera, martxan jarriko dituztela unitate desberdinak.