Memoriaren Egunaren harira, egitarau zabala antolatu du Orioko Udalak urritik abendura bitartean. Hiru hilabetetan zehar gaia landuko denez, egun horretan adierazpen instituzionalik ez du egingo udalak, baina Iciar Bollain zinemagileak zuzendutako Maixabel filma emango dute, 19:00etan hasita, kultur etxean.
2000. urtean, Maixabel Lasaren senarra hil zuen ETAk, Juan Maria Jauregi politikari sozialista. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen Lasak: bere senarra hil zuen gizonetako batek, ETArekin harremana eten ostean, berarekin hitzordua egin nahi zuen Langraiz Okako espetxean. Zalantza handiak izan zituen arren, Maixabel Lasak eskaera onartu zuen "mundu guztiak merezi duelako beste aukera bat"; geroztik, askotan errepikatu izan du ideia hori.