Plaza bete jende bildu da Orion, Gau Beltza ospatzeko

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 1a, 10:02

Txurrumuski aisialdi elkarteak eta Orioko Herri Ikastolak elkarlanean antolatutako jarduerek jendetza erakarri zuten Herriko Plazara. Tailerrak egin zituzten aurrena, eta gaztaina jana gero. 

Euskal Herrian Gau Beltza ospatzeko ohitura aspaldikoa da, nahiz eta Orion eta beste leku batzuetan galduta egon den azken hamarkadetan. Aurten, ordea, ohitura zaharra berreskuratzeko helburuarekin, Txurrumuski aisialdi elkarteak eta Orioko Herri Ikastolak elkarlanean hainbat jarduera antolatu dituzte. Eta deialdiak arrakasta izan du, haur eta heldu, bete egin baitzen Herriko Plaza atzo arratsaldean.

18:30erako jarri zuten hitzordua, eta ordua jotzerako dozenaka lagun zeuden ospakizunari hasiera emateko zain. Haurrentzako tailerrekin ekin zieten. Gehienak etxetik mozorrotuta joan ziren arren, jantziari azken ukituak plazan eman zizkioten: batzuk aurpegia margotu zuten, beste batzuk oihalezko maskarekin aurpegiak estali zituzten... Eta jarraian, gaztaina jana egin zuten han bertan.

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide