Herriko musikariz inguratuta eman du kontzertua Joseba Tapiak plaza bete jenderen aurrean

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 30a, 12:00

Larunbat iluntzean eskaini zuen kontzertua lasartearrak, eta oholtzara gonbidatu zituen Imanol Urkizu, Iñaki Larrañaga, Maider Sukia eta hainbat trikitilari eta pandero jole gaztetxo.

Orioko herriko plaza bete egin zuen atzo iluntzean Joseba Tapia musikari lasartearrak. Giro epela lagun, jende asko gerturatu zen Tapiaren musikaz gozatzera, eta hura ere musikariz inguratuta ibili zen oholtzan. Instrumentu ugariko talde zabala ekarri zuen, eta hainbat abestitan, gainera, herriko musikariak gonbidatu zituen oholtzara.

Iñaki Larrañaga pandero jolea igo zen aurrena Tapiarekin jotzera eta kantatzera; Imanol Urkizu ondoren, eta horrek ere gauza bera egin zuen; eta azkenik, Maider Sukia ere igo zen trikitiarekin, eta harekin batera, baita hainbat gaztetxo ere, trikitiak eta panderoak eskuetan.

Tapiak denetariko kantak eskaini zituen, batzuk oso ezagunak, Tapia eta Leturia taldearen garaikoak, eta ikusleak kantuan ere jarri zituen. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide