Urriaren 20tik 24ra, OBBko jokalari gazteak Bartzelonan izan ziren Espainiako Txapelketa lehiatzen. Oriokoaz gain, Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik (Katalunia eta Valentzia), Galiziatik eta Espainiatik (Madril eta Zaragoza) joandako beste hamabi taldek parte hartu zuten txapelketan, eta OBBko jokalariak maila ona emanda bueltatu ziren etxera.
Txapelketako lehenengo fasean, B taldeko sailkapeneko bigarren postuan gelditu ziren oriotarrak, Bartzelonako Sant Boi indartsuaren atzetik. Horri esker, Top8an sartu zen Orioko taldea. Ostiral arratsaldean, Madrilgo Rivas taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion, eta partida parekatua izan zen arren, 9-8 galdu zuten neskek. Hala ere, larunbatean, Zaragozako Miralbueno taldeari 15-8 irabazi ondoren, seigarren postua ziurtatu zuen taldeak. Igandean, bosgarren postua lortzeko aukera izan zuten Madrilgo Dridma taldearen aurkako partidan, baino ezin izan zuten garaipenik lortu. Beraz, sailkapeneko seigarren lekuan amaitu zuten txapelketa.
OBBko arduradunak "oso pozik" daude emaitzarekin eta taldeak izan duen hobekuntzarekin. Aipatzeko da taldea gaztea dela eta jubenilen mailan lehenengo txapelketa dutela. Azpimarratzekoa baita ere, Sara Loidik irabazitako saria: Txapelketako Bateatzaile Onenaren Saria, hain zuzen. Loidik 15 urte besterik ez ditu.