Nadeth Agirrek eta Ander Etxegoienek jaso dute arraun denboraldiko Patroi Onenaren garaikurra. Atzo izan zen sari banaketa, Donostiako Aquariumean, eta bertan izan ziren sarituez gain, Angel Garabieta CaixaBankeko Euskadiko zuzendari komertziala eta Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria. Orioko patroi bakoitzak garaikurra eta 3.000 euroko txekea jaso zituen atzoko ekitaldian.
Ez da saria jasotzen duten lehen aldia Agirre eta Etxegoienentzat. Nesken arraun taldeko patroiak hiru aldiz jaso du garaikurra (2019, 2020 eta 2022). Bere aldetik, Etxegoienek 2018an eskuratu zuen lehen aldiz saria, eta aurtengoa bigarrengoa izan da berarentzat.