Urola Kostako Udal Elkartea (UKUE) da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta haren esanetan, Itsas Kirol Poloak bi helburu nagusi izango ditu: "Batetik, itsas kirolen sektorea profesionalizatzea; eta bestetik, itsas kirola eskualdean erreferente izatea eta mundu mailan ezagutaraztea, talentua sortuz eta erakarriz, negozio berriak sortuz eta enpresen lehiakortasuna sustatuz". Atzo arratsaldean Arraunetxen aurkeztu zuten Itsas Kirol Poloa eta UKUEko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, proiektuarekin harreman zuzena duten zenbait kirolarik, enpresaburuk eta profesionalek ere parte hartu zuten ekitaldian.