Bihar arratsaldean ATX Teatroa konpainiaren Oihana ikusteko aukera izango da kultur etxean, 19:30ean hasita, eta oraindik badaude emanaldirako sarrerak kultur etxean bertan eta Interneten, hamar euroren truke.
Dantza eta antzerkia uztartzen ditu Oihana lanak, eta helduei zuzendutako ikuskizuna da. Maryse Urruti baxenabartarrak zuzendu du, eta Barbara Rivas, Arantxa Hirigoyen eta Joana Olasagasti dira aktore eta dantzariak.
Oihana protagonista da, Lur amarekin eta Argia amonarekin bizi den gaztea. Mende luzez, jakintzak eta ohiturak dantzaren bidez transmititu dituzte familiako emakumeen artean, baina katea moztu egin da, eta Oihana ez da gai hizkuntza hau eta dantzaren sekretuak ulertzeko. Baina gau batez, ametsetan bidaiatu dezakeela ikusten du gazteak, eta une horretatik aurrera, iragana deskubritzera abiatzen da, hizkuntza misteriotsu hori hitz egiten duten emakumeak ezagutzera: sorginak.