Ander Etxegoien eta Nadeth Agirre sarituko dituzte bihar, patroi onenak izan direlako

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 20a, 17:09

Etxegoien sailkapenaren buruan izan da denboraldi guztian, eta bi jardunaldiren faltan, matematikoki irabazlea zen.

Bihar arratsaldean egingo dute sari banaketa ekitaldia Donostiako Aquariumean. Eusko Label eta Euskotren ligetako patroi onenak sarituko dituzte, biak ala biak Orio Arraunketa Elkartekoak.

Honezkero hilabete izango da arraunlariek oporrak hartu zituztela, baina oraindik banatu gabe dituzte patroi onenen sariak. Bihar arratsaldean egingo dute sari banaketa ekitaldia Donostiako Aquariumean, eta bai ala bai, han izango dira Orio Arraunketa Elkartearen ordezkariak. Izan ere, mutiletan zein nesketan, Orioko patroiak izan dira onenak. Ander Etxegoienek jasoko du Eusko Label Ligako Caixabank Patroi Onenaren Saria eta Nadeth Agirrek Euskotren Ligako EITB Patroi Onenaren Saria.

Etxegoienentzat ligako patroi onenaren saria jasotzen duen bigarren aldia izango da, lehendabizikoz 2018an jaso baitzuen, San Pedron zebilenean. Aurten, denboraldi guztia sailkapenaren buruan egin du getariarrak, eta 141 punturekin bukatu du liga, bigarrenari, Getaria Arraun Elkarteko Unax Eizagirreri, 26 puntuko aldea aterata.

Agirrerentzat, berriz, patroi onenaren saria jasotzen duen hirugarren aldia izango da biharkoa, 2019an eta 2020an ere bera izan baitzen onena, beti Oriorekin. Denboraldia 43 punturekin bukatu du hark, bigarren gelditu den Donostia Arraun Lagunakeko Andrea Astudillori bederatzi puntuko aldea aterata.

(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide