OBBko gaztetxoen taldeak Angeluko beisbol topaketan parte hartu du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 18a, 16:41

Topaketa "esperientzia aberasgarria" izan dela uste dute taldeko arduradunek, beisbolean trebatzeko eta beste lurraldeetako jokalariak ezagutzeko balio izan dielako gazteei.

Argazki bilduman Angeluko eta Orioko topaketetako argazkiak biltzen dira. (Iturria: OBB)

OBBko hamabost urte azpiko neska-mutilen beisbol taldeak Angelun (Lapurdi) topaketa batean parte hartu du asteburuan, Cosbol proiektuaren baitan. Ekimenak Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoako beisbol jokalari gazteak biltzen ditu, kirola eta kultura uztartuz, elkar ezagutu dezaten. Angelun, esaterako, beisbol partidak jokatzeaz gain, izotz jauregian patinatzeko aukera izan zuten gazteek. "Esperientzia aberasgarria" izan zela uste du taldeko entrenatzaile Elena Etxeberriak. "Gu beisbolean nahiko berriak gara, eta kirol horretan trebatzen ari garenez, ikasteko balio izan digu jardunaldiak. Bigarren geratu ginen, eta gustura gaude".

Gaztetxoen mailan, ez dago beisbol txapelketa arauturik Euskal Herrian, eta gazteek jokatzen dituzten partidak lagunartekoak izan ohi dira. Horregatik, Cosbol proiektu bateratua sortu zuten 2020an Bilboko San Igancio taldeak, Iruñeako Joakin Lizarraga taldeak, Lapurdiko Les Gambas taldeak eta Orioko OBBk. COVID-19ak sortutako izurritea dela eta, ordea, ezin izan zituzten egin bertan bildu zituzten ekimenak, eta 2022an ekin diote berriz ere proiektuari. Orion, esaterako, maiatzean egin zuten topaketa, eta "oso harrera" ona izan zuela azaldu du Etxeberriak. Beisbol partidez gain, selfie argazki lehiaketa bat antolatu zuten. "Lurralde desberdinetako gazteek, taldetan banatuta, herriko txokoak ezagutu zituzten. Orioko jokalariek egin zituzten gidari lanak, eta interesgarriak edo politak iruditzen zitzaizkien herriko txokoak erakutsi zizkieten, eta argazki politak atera zituzten".

Hurrengo hitzordua Nafarroan izango du OBBko gaztetxoen beisbol taldeak. Bizkaiko topaketa, berriz, bertan behera geratu da, gaur egun, izurritea dela-eta, Bilboko San Ignacio taldeak ez ezin duelako osatu adin tarte horretako taldea.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide