Hilabete gutxi falta dira sanikolasetarako eta pasa den astean bildu zen festa-batzordea, festak antolatzen hasteko. Aurten, berrikuntza gisa, festaren hasieran omentzen den herritarra edo elkartea oriotarren proposamenen bidez aukeratzea adostu dute. Hori dela eta, proposamenak aurkezteko aukera izango dute herritarrek urriaren 11ra arte, Galdetegi honen bidez.
Omenduak bi irizpide bete beharko ditu: batetik oriotarra izan beharko du edo herriarekin harremana izan, eta bestetik, gizarte, kultura edo kirol arloetan lan egin behar du.
Festa-batzordeak proposamen guztiak aztertuko ditu, eta hurrengo bileran erabakiko du 2022ko abenduaren 5eko ekitaldian omendua nor izango den.