Kontxako Banderak faborito nagusia zuen gizonezkoetan, eta ez du hutsik egin. Urdaibaik zazpi segundoko aldearekin lehiatu da ohorezko txandan, eta lehen igandeko nagusitasun berarekin irabazi du gaurkoan ere. Orio-Orialkik ia aukerarik ez zuen bandera eskuratzeko, baina bere helburua borrokatzera uretaratu da.
Orio lehen txandan aritu da, eta lehia estua izan du Zierbenarekin. Kanporako luzean, Aquariuma igaro ostean, buru jarri da, baina gertu izan du uneoro Bizkaiko trainerua. Ziaboga egiterakoan bi segundo aurretik bazen ere, poparean egokiro ekin dio Zierbenak eta aurrea hartu dio. Edonola ere, berehala zuzendu du bere arraunkera eta berriro jarri da aurretik itzuleran. Badia igarota, Kaiku atzetik jarri zaio, eta epailea bandera ateratzen hasi da, oriotarrak kalea oztopatzen ari zirela abisatzen. Azkenean, Oriok irabazi du estropada, gaurko helburua betearaziz. Baina epaileek berehala 3 segundoko zigorra ezarri dio, aurretiko gertakariagatik.
Getariarentzat nahikoa sari zen 39 urteren ostean Kontxan sailkatzea, eta are gehiago gaur ohorezko txandan lehiatzea. Helburua, zalantzarik gabe, gozatzea zen, eta, nola ez, laugarren postuari eustea. Urdaibai gogotsu eta sendo aritu da, eta gainerako traineru guztiak irentsi ditu, alde nabarmenak aterata bere aurkariei. Getariak 35 segundora bukatu du bere saioa, eta bi igandetako aldeak kontuan izanda, postu bat behera egin dute, laugarren postua Oriok eskuratuz.
Kontxako 2. jardunaldia
- Urdaibai 19:36.02
- Donostiarra 19:44.57
- Hondarribia 19:58.57
- Zierbena 20:03.48
- Orio 20:04.48
- Kaiku 20:04.78
- Getaria 20:11.05
- Ondarroa 20:12.76
Sailkapen nagusia
- Urdaibai 38:57.58
- Donostiarra 39:13.83
- Hondarribia 39:27.77
- Orio 39:55.06
- Getaria 39:56.03
- Zierbena 40:01.96
- Kaiku 40:23.08
- Ondarroa 40:37.90