Miren Andueza: "Erabiltzaileek eskertu dute abuztuan liburutegia irekita izatea"

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 12a, 09:00

Udan, goizez bakarrik egon da irekita liburutegia. Gaurtik aurrera, ordea, ohiko ordutegian izango da zabalik: astelehenetik ostiralera, 10:00tatik 13:00era eta 16:00etatik 19:30era, hain zuzen.

Aurtengo abuztuan, lehendabiziko aldiz, zabalik izan da Orioko Udal Liburutegia; zerbitzuak ez du etenik izan uda guztian. Orain, irailean sartuta, ahaleginak merezi izan ote duen galdetu diogu Miren Andueza arduradunari, eta baietz esan du hark: "Ni gustura egon naiz, eta iruditzen zait ona izan dela uda guztian liburutegia zabalik izatea". Jendea ibili dela ziurtatu du: "Batzuk ikasten jardun dira, eta izugarrizko lasaitasuna eduki dute hemen. Hala ere, gehienbat, mailegu zerbitzua erabili dute herritarrek. Oro har, denek eskertu dute abuztuan liburutegia irekita izatea".

Beste urteetan, liburutegiaren erabiltzaileek uztailean hartu behar izaten zituzten udako oporraldian irakurtzeko liburuak. "Uztailean uzten nien nahi zutena hartzen; normalean gehienez hiru liburu har badaitezke, asko irakurtzen dutenei zazpi eta zortzi liburu hartzen ere uzten nien. Esaten nuen, liburuak hemen gelditzeko, har ditzatela behar dituztenak".

Anduezaren hitzetan, ohiko erabiltzaileez gain, oporraldia kanpinean igaro dutenak ibili dira abuztuan liburutegian. "Aurreko urteetan, uztailean ibiltzen zen kanpineko jendea, baina horiek gero arazoak izaten zituzten liburuak itzultzeko, gehienak liburutegia berriz zabaldu aurretik etxera bueltatzen zirelako. Nola edo ahala moldatzen ginen, liburuak beste norbaiti utzita edo, baina aurten erosoagoa izan da dena".

Itzulera ere samurragoa izango dela uste du. "Hilabeteko geldialdiaren ondoren, irailean martxan jartzea kosta egiten da, bai niri eta baita jendeari ere; kosta egiten da berriz liburtegira etortzeko ohitura hori hartzea. Pentsatzen dut aurten itzulera arinagoa egingo zaigula guztioi".

Udan, goizez bakarrik egon da irekita liburutegia, 09:00tatik 14:00tara. Gaurtik aurrera, ordea, ohiko ordutegian izango da zabalik: astelehenetik ostiralera, 10:00tatik 13:00era eta 16:00etatik 19:30era, hain zuzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide