Kontxan arituko diren arraunlariak animatzeko hitzordua jarri dute gaur Orioko plazan

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 9a, 12:30

Gaur 19:00etan Orioko plazara hurreratzea eskatu du Orioko Arraunketa Elkarteak, Kontxan arituko diren arraunlariak animatzera.

Datorren igandean, irailaren 11n, Kontxako Banderako bigarren jardunaldia jokatuko da Donostian. Orioko Arraunketa Elkarteak bi trainerurekin hartuko du parte, emakumezkoetan eta gizonezkoetan bana. Emakumeek bandera irabazteko aukerak dituzte lehen jardunaldian denbora onena egin ondoren; gizonek zail izango dute banderaren borrokan egotea, aurreko igandean bosgarren egin ondoren.

Kontxako bigarren jardunaldiaren atarian dei berezi bat egin die Orioko klubak herritarrei: Donostian igandean arituko diren arraunlariei animatzera hurreratzea gaur bertan, 19:00etan, herriko plazara, nola ez, horiz jantzita. Orioko Arraunketa Elkartearen esanetan, igandekoa "estropada garrantzitsua da Orioko herriarentzat. Harro gaude gure arraunlarietaz". Gogoratu du neskak bandera herrira ekartzeko "ametsa egia bihurtzeko zorian" daudela. "Hor izango gara zuekin batera luza, bultza, segi eta tira!", dio klubak egindako deialdian. Mutilei, berriz, eskerrak eman dizkie "estropada bakoitzean irabaztea posible dela sentiarazteagatik. Igandean ere bai. Sentituko gaituzue zuen estropuetan".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide