Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Jon Redondoren kargu uztea onartu du. 2013tik Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria izan da oriotarra, baina aurrerantzean, Gorka Iturriagak beteko du kargu hori.
Jaurlaritzak ez du erabakiaren zergatirik azaldu; bai, ordea, Redondok. "Urtarrilean hamar urte beteko nituzke Kirol zuzendari karguan eta ikusten nuen ziklo bat ixteko garaia zela". Kargua uzteko asmoa aspaldi iragarri zuela esan du, martxoan adostu zuela Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin. "Orain arte diskrezioz eraman dugu kontua, baina bageneramatzan sei hilabete dena prestatzen". Arlo publikoa alde batera utzi, eta pribatura jauzi egiteko asmoa du orain oriotarrak. Dena dela, trantsizioa modu ordenatuan egiteko beharrezko guztian laguntzeko prest azaldu da.
Eusko Jaurlaritzan kargua izan aurretik, 2007tik 2011ra Orioko alkate izan zen Redondo, EAJ agintean zenean; eta Kutxako Administrazio Kontseiluko eta Zuzendaritza Batzordeko kide ere bai, 2009tik 2012aren bukaerara. Ibilbide profesionalagatik ez ezik, kirol ibilbideagatik ere aski ezaguna da herrian. Izan ere, arraunlaria izandakoa da, eta urte askoan Orio Arraunketa Elkartean aritutakoa.