"Turismo Bulegoa plazan egoteak ikusgarritasuna ematen dio egiten den lanari"

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 23a, 11:00

Turismo Bulegoko langile bat apalak txukuntzen gaur goizean. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Udalak maiatzean aldatu zuen lokala Alde Zaharretik herriko plazara, eta aldaketa onerako izan dela irizten dio Adrian Garcia udaleko Turismo eta Ostalaritza teknikariak.

Hiru hilabete igaro dira Orioko Turismo Bulegoa Alde Zaharreko Piliku plazatik herriko plaza ondora, Aritzaga kalera, lekualdatu zuenetik udalak. Kokaleku berriari esker "bulegoa bisitariengandik hurbilago" egongo zela pentsatu zuen udalak, eta "irisgarriagoa" izango zela.

Denbora tarte honetako balorazioa eskatu dio KARKARAk Adrian Garcia Turismo eta Ostalaritza teknikariari, eta horrek esan du aldaketa onerako izan dela. Bulegoa plaza ondora ekartzeak bi eratara egin dio mesede: "Batetik, herritarrengana gerturatu da bulegoa; orain ikusi egin daiteke zerbitzu horrek egiten duen lana. Bestetik, askoz eskuragarriago dago orain, eta hori Turismo Bulego batentzat funtzio garrantzitsua da. Informazio puntua da bai bisitari eta turistentzat, noski, baina baita herritarrentzat ere. Orain lehen baino askoz gehiago etortzen dira informazio eske: trenen ordutegiak eskatuz eta beste hainbat kontu".

Horregatik, Garciak nabarmendu du bulego berria "oso ondo" ari dela funtzionatzen, eta balorazioa "oso ona" dela. Bulegoa Alde Zaharretik kendu izanak ez du esan nahi, bestalde, herriko parte hori gutxiesten duenik udalak: "Beti esaten dugu gure Alde Zaharra altxor oso handia dela. Ikusgarria da nola mantentzen duen Erdi Aroko itxura eta zer ondo dagoen kontserbatuta, eta guk Turismo Bulegoa tokiz aldatuta bisitari gehiago hartzen baditugu, aukera izango dugu horiek Alde Zaharrera bideratzeko eta eman nahi diogun garrantzia emateko Alde Zaharrari".

Datuak ere onak

Garciak ez du datu zehatzik eman nahi momentuz, horiek onak direla aurreratu arren. "Datu onak ditugu, baina azken urteak arraroak izan direnez pandemiagatik, kontuz hartu behar dira, batez ere konparaketak egitean. Noski, iazko datuak baino askoz hobeak dira aurtengoak. Bestalde, oraindik kopuru aldetik ez gara iritsi 2019ko datuetara; urte hura bereziki ona izan zen Turismo Bulegoarentzat, eta aurten, leku aldaketagatik egun batzuetan ez gara %100ean egon. Dena den, aurtengo emaitza ona izango dela aurreikusten dugu jada", azaldu du.

"Bisitari ugari ikusten da, eta hotelak eta ondo ari dira lanean", esan du Garciak. Dena den, irail erdialdera arte ez dute datu ofizialik izango, eta orduan izango da balorazio orokorra egiteko garaia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide