Goizean bezala, arratsaldean ere itsaso mugituarekin jokatu dituzte Zarauzko estropadak. Euskotren ligako azkenaurreko norgehiagoka Orio Orialkik irabazi du, ligako 11. garaipena, eta biharko jardunaldian bandera eskuratzeko pauso garrantzitsua eman du.
Nadeth Agirrek patroi onenaren elastikoa ere jantzi du, eta matematikoki, bera da aurtengo garailea. ETB1 kateari egindako adierazpenetan azaldu du arraunkera hartzea "kosta" egin zaiela, baina gero kanporaka ondo joan direla. "Bueltakoan ere aurrena ondo ibili gara, baina gero lanak izan ditugu, zulo handiak zeuden eta arrauna libratzen ere zailtasunak batzuetan", azaldu du.
Liga poltsikoratuta eduki arren, Zarauzko Bandera ere nahi dute oriotarrek: "Banderarekin amaitu nahi dugu liga; gaur aurreneko pausoa eman dugu, eta bihar berriz hutsetik hasiko gara eta ea bandera etxeratzen dugun", esan du Agirrek.
Liga erabakita bai, baina azken bi postuetan dago lehia orain. Bihar, azken estropadan, jakingo da Tolosaldea ala Donostiarra, nor gelditzen den Euskotren ligan; izan ere, puntu bakarreko aldearekin daude.
Gaurko sailkapena:
1.-Orio 11:21.62
2.-Arraun Lagunak 11:32.58 (+10.96)
3.-Tolosaldea 11:37.82 (+16.20)
4.-Donostiarra 11:41.76 (+20.14)
Sailkapen nagusia:
1.-Orio 50 puntu
2.-Arraun Lagunak 41 puntu
3.-Donostiarra 20 puntu
4.-Tolosaldea 19 puntu