Orioko Ikastolako langileek elkarretaratzea egin dute iparraldean azterketak euskaraz egitea aldarrikatzeko

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 22a, 12:45

Orioko Herri Ikastolako langileaek atzo egin zuten elkarretaratzea ikastola aurrean.

Iparraldeko ikastolek urteak daramatzate aldarrikatzen brebeta eta baxoa – ikasleek bigarren hezkuntzako lehen zikloa eta bigarren zikloa amaitutakoan egin behar dituzten azterketa ofizialak– euskaraz egiteko aukera. Pasa den astean mobilizazio garrantzitsua abiatu zuten, eta Orioko Herri Ikastolako langileek bat egin dute Iparraldeko ikastolen aldarriarekin.

Aspaldikoa da iparraldean azterketak euskaraz egiteko eskakizuna, baina pasa den astean Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren Baionako egoitza okupatu zuten Seaskako kideek, brebeta eta baxoa euskaraz egitea aldarrikatzeko eta Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin bilkura eskatzeko.  Frantziako Gobernuak ez du erantzun, baina Euskal Hirigune Elkargoaren babesa jaso dute Seaskako kideek. Hala, bigarren hezkuntzako lehen zikloa amaitzerakoan egin behar duten azterketako zientzietako proba euskaraz erantzuten duten ikasleen azterketak zuzendu egingo direla bermatuko du Ipar Euskal Herriko erakundeak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide