Festa izan dute gaur Zaragueta Herri Eskolan. Bi urteko behartutako etenaren ostean, ikasleek, irakasleek eta gurasoek Eskolaren Eguna ospatu dute, eta nola ospatu ere. Hasteko, Ainhoa Zumeta Mendizabal zuzendariak eta Ruben Iglesias San Sebastian gurasoak Baleatik Baleara mahai jolasa aurkeztu dute, eta jolaseko laukitxoetan azaltzen diren herritarrei eta herri eragileen ordezkariei oroigarri bana ere eman diete, "herria egiten lagundu duten guztia eskertze aldera".
Ondoren, haurren txanda heldu da, eta HH2tik LH6ra arteko ikasleek hainbat koreografia dantzatu dituzte. Segidan, Zaragueta eskolako kanta abestu dute, eta hamaiketakoari ekin diote. Pandemia aurretik egiten zutenaren tankera izan du, "hamaiketako multikulturala" izan baita: "Kuskusa, ampesie-a, platano ar frijitua, arroz senegaldarra, enpanadilla kolonbiarrak, cousin-ak, parrilla argentinarra, cebiche peruarra, gozo marokoar eta turkiarrak eta euskal pintxoak. Hamarretik gora kulturetako platerak jan ahal izan dira gaurkoan".
Musikak lagunduta, eta beroari aurre egiteko mangera txorrotada freskoak baliatuta, festak giro ederrean jarraitu du iluntzera arte.