'Nolako herria da Orio LGTBI+ pertsonentzat?' tailerra egingo dute maiatzaren 26an, datorren ostegunean, 18:00etatik aurrera, Salatxo aretoan. Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatu du saioa, eta herritar guztientzat irekia izango dela jakinarazi dute; sarrera doakoa izango da.
Ahalduntze eskolako arduradunek sare sozialetan azaldu dutenez, "herri bakoitzak bere idiosinkrasia, funtzionamendua, historia soziala eta dinamikak ditu. Horiek guztiek herriko giro, bizipen eta bizigarritasunean eragina dute eta baita LGTBI+ pertsonen egunerokoan ere". Orioko errealitatea ezagutzeko gai horren inguruan hausnartuko dute Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarretak gidatutako saioan.