Larunbata festa egun handia izan zen herrian. Aurtengo Balearen Egunak marka laga du, eta udalak herritarrei zuzendutako oharra plazaratu du, festan erakutsitako jarrera eta parte hartzea eskertzeko. "Balearen Egunak arnas berria eman dio herriari. Poza, maitasuna, gozamena, elkartasuna… Halako berotasuna sentitu gabe geunden aspaldian, eta behar-beharrezko genuen indarra itzuli digu guztioi", adierazi dute.
Oharrak dioenez, "jarrera ezegoki" batzuk egon ziren arren, eguna "borobila" izan zen, "herrigintza-eredu apartari" esker: "Ospakizun egunetan elkartasun-sareak josten ditugu, eta ontzi berean arraun egiten dugula gogoratu. Gure nortasuna aldarrikatzeko jaia izan da, berriz ere, Balearen Eguna, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu era batera nahiz bestera parte hartu duzuen herritar guztiei. Indarberritu egin gaituzue!".