Mutiozabal ontziola zaharberritu zutenetik, udalak atzo, ostirala, zabaldu zuen aurreneko aldiz eraikina herritarrentzat, eta Albaolako kide Eneko Sieso aritu zen azalpenak ematen bertaratu zirenei. Izan ere, Albaolak kudeatuko du tokia, eta datozen hilabeteetarako asmoak argi dituzte. "Balearen Eguna aprobetxatu nahi izan dugu herritarrekin aurreneko harremana egiteko. Ekainean, berriz, herriko ikastetxeetako gaztetxoekin proba pilotua egingo dugu, eta irailetik aurrera, Urola Kostako eta Euskal Herri osoko ikastetxeetako ikasleekin hasiko gara lanean".
Mutiozabalen ontziak egin zituzten hainbat mendez, eta berriz aktibitate horri heltzea da asmoa. "Benetako alak egingo ditugu ikasleekin batera, eta modu seguruan lan egin ahalko dute ontzien eraikuntzan", azaldu zuen. LH 5.mailatik DBH 2. mailara arteko ikasleekin egingo dute proiektua, baina aurrerago beste adin tarte batzuetara zabaldu nahiko lukete proiektua. "Pixkanaka-pixkanaka hasiko gara, urratsez urrats", zehaztu zuen.
Oraingoz eraikina ez da turismoari edo herritarrei irekita egongo, baina egun askotan ateak zabalik izango ditu ikasleak hartuko dituelako, eta barrua ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Atzo ez ziren herritar asko animatu Mutiozabal ikustera, baina bertaratu zirenak gustura gelditu ziren. Barrutik xarmangarria da: espazio irekia da, egurrezko egiturarekin eta sabai oso altuarekin, aspaldiko zenbait lan-tresna ikusgai dituena. Argitsua da, eta pare-parean ditu errioa eta atzerago plaza, udaletxea eta eliza.
Bospasei ume ere joan ziren ontziola ikustera, eta ederki pasatu zuten kartoizko balea eta traineruak egiten, eta bale arrantzari buruzko azalpen batzuk aditzen.
Pasaiako Itsas Festibalean hurrengo hitzordua
Atzoko ate irekien ondoren, hurrengo urratsa Pasai aldean emango du udalak. Izan ere, beste erakunde batzuekin batera, espazioa izango du Pasaiako Itsas Festibalean, eta bertan Mutiozabal proiektua azalduko du. "Oria ibaiaren garrantzia eta azpimarratuko dugu", gaineratu du Siesok.
Maiatzaren 26tik 29ra izango da festibala, eta han ere haurrek izango dute tailerren bat egiteko aukera, Siesok aurreratu duenez.