OBB Orioko Bate Bizkorrak Kanaria Handian izan dira asteburuan, ohorezko mailako Espainiako Sofbol Ligako zortzigarren jardunaldian. Capitolinos taldearen kontra neurtu dituzte indarrak, eta jokatutako bi partidak irabazita bueltatu dira etxera.
Hasiera-hasieratik nagusi izan ziren oriotarrak, eta lehendabiziko partidako bigarren sarreratik aurrera eurak izan ziren jokoaren erritmoa ezarri zutenak. Batea egoki astinduta, bosgarren sarrerarako hamar hit eta sei lasterketa eginda zituzten, eta 0 eta 8 irabazi zuten norgehiagoka.
Aipatzekoa Amaia Larraza jaurtitzaileak egindako lana, hamabi strike outs eta denboraldiko bere lehen No Hit No Run erdietsi baitzuen.
Bigarren partidari ere gogotsu ekin zioten oriotarrek, eta horren adierazgarri aurreneko sarreran egin zituzten lau lasterketak. Kanariarrak txukun aritu ziren arren, ezin izan zuten ezer adierazgarririk egin, eta bigarren partida ere OBBrentzat izan zen, 1 eta 9ko emaitzarekin.
Datorren asteburuan etxean jokatuko dute Orioko neskek: Miralbueno taldea hartuko dute Mendibeltzen.