Fermin Alonso
"Egunean zehar egingo diren ekimenez gozatzeko asmoa dut, ikusle modura. Aurreko edizioetan ere halaxe egin nuen, eta beste urteetako oroitzapen oso onak dauzkat, asko gustatu zitzaidan antolatu zen guztia. Aurten ere ez dut parte hartuko ezertan, baina asmoa dut kalean denbora asko egiteko. Gainera, iruditzen zait oraingo honetan koronabirusak utziko digula lasai ospatzen, eta halako festez gozatzeko premia dugu denok. Gainera, balea harrapatu zen garaia kontuan izanik, uste dut badela arrazoia ospakizuna egiteko, gure tradizioarekin lotuta dagoelako. Balearen Egunaz gain, uda aldera etorriko diren beste festetarako ere gogo handia dut, pandemia dela eta, azken bi urteotan faltan bota dudalako betiko bizitza soziala egitea".
Andrea de Diego
"Aurrena lana eta gero parranda, horixe da nire plana! Kar-kar-kar... Pizzeriako langileontzat kamiseta berezi batzuk egin ditugu Balearen Eguna aitzakia hartuta, lokala berezi atonduko dugu egun horretarako, eta sorpresaren bat ere izango da. Lana ondo egiteko amorratzen gaude, eta espero dugu kalean giroa egotea eta jendea ibiltzea. Gogo handia dut aurten, 2016ko Balearen Egunean atzerrian nengoelako eta ez nuelako aukerarik izan festaz gozatzeko. Inguruko lagun eta lankideak ere gogotsu daude, eta ondo pasatuko dugu, hori ziur. Negozioari dagokionez, azken bi urteak ez dira errazak izan, eta espero dugu datozen hilabeteetan mugimendu handiagoa izatea. Udaberria ondo doa, eta espero dugu uda aurrekoak baino hobea izatea, zentzu guztietan".
Erik Custodio
"Familia giroan ospatzeko egun ederra izango dela pentsatzen dut, eta horixe izango da nire plana. Lan kontuak tarteko, aurreko edizioan ez nintzen izan, eta badut gogoa aurtengorako. Herriaren tradizioari lotutako festa denez, iruditzen zait polita dela umeek halako egunak txikitatik gozatzea, eta haien martxan ibiliko gara, batera eta bestera. Gainera, pandemiarekin bizi izan duguna kontuan izanik, garrantzitsua da haurrek kaleko ospakizunak ezagutzea, gure identitatearen parte direlako. Izurrite garaian asko sufritu dute umeek, haientzat oso gogorra izan da pandemia, eta merezi dute aurten era guztietako festez gozatzea. Guk ere bai, noski, eta Balearen Egunaz gain, aurten ondo pasatzeko aukera gehiago izango ditugulakoan nago".