Ramadanari amaiera emateko ospakizuna egin dute gaur goizean

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 2a, 09:30

8:00etan elkartu dira frontoian Orioko eta inguruko herri batzuetako musulmanak, eta 'Eid Ftur' izeneko ospakizunarekin, bukaera eman diote hilabete sakratuari.

Apirilaren 2an hasi zen aurtengo Ramadana, ilargi berriarekin, eta bart eman zioten amaiera, maiatzaren 1etik 2rako gauean. Ilargiaren zikloaren araberakoa izan ohi da Ramadanaren egun kopurua, eta aurtengoak 30 egun izan ditu. Hala, Orioko eta inguruko herrietako musulman ugari elkartu da frontoian gaur goizean, 'Eid Ftur'  festarekin hilabete sakratuari bukaera emateko. 08:00etan hasi dituzte errezoak, eta bederatziak aldera eman diote amaiera hitzorduari.

Aurten ere, Orioko meskitako arduradunek esker oneko hitzak izan dituzte Orioko Udalarentzat, haientzat "berezia" den ospakizuna egiteko frontoia uzteagatik. Herritarrei ere azaldu diete eskertza.

Meskitakoek nabarmendu dute Ramadana hilabete sakratua izaten dela, zentzu guztietan; bai fisikoki, baita espiritualki ere. Egun horietan guztietan, egunsentitik ilunabarrera arte musulmanek ez dute jan-edanik egiten, zigarrorik erretzen edo sexu harremanik izaten ere. Horrez gain, Korana maizago errezitatzen dute, eta pentsamendu onak izaten saiatzen dira.

Egutegi islamiarreko bederatzigarren hilabetean egiten da Ramadana. Egutegi gregorianoarekiko egun kopuruan duen desberdintasuna dela-eta, Ramadamaren hasiera eguna aldakorra da; datorren urtean apiril erdialdera emango zaio hasiera, aurten baino hamar edo hamabi egun lehenago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide