Aurten, lehenengoz, Balearen Eguneko kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Orioko Udalak, eta dagoeneko jakinarazi ditu irabazleak zeintzuk diren: helduetan, Usoa Zulaika; eta gaztetxoetan, Naroa Azkue.
Helduen taldeko irabazlearena izango da aurtengo Balearen Eguneko kartela eta, horrez gain, 300 euroko diru saria jasoko du. Epaimahaiak "proposamen borobila" dela azpimarratu du, eta "litografia moduko itsasoaren edertasuna eta ospakizunaren erreferentziazko elementuak modu sinple bezain eraginkorrean" txertatu izana baloratu du. Gaztetxoen kategoriako irabazleak, berriz, 100 euroko saria jasoko du. Kasu honetan, "erabilitako baliabideen aniztasuna eta detaileetan jarritako arreta" nabarmendu dituzte epaimahaikideek, "baita kartelgintzako irizpideak jarraitzeko egindako ahalegina" ere.
Naroa Azkueren kartela da honakoa:
Aipamen bereziak
"Jasotako lanen maila ona ikusita", epaimahaiak aipamen berezi bana egin nahi izan du talde bakoitzean. Helduetan, Mikel Valverderi egin diote aipamen berezia; eta gaztetxoetan, Manex Igoari.
Mikel Valverdek egindako kartela da honakoa:
Eta Manex Igoarena, honakoa:
Helduek aurkeztutako lanak ikusgai jartzeko asmoa du udalak, baina noiz eta non jarriko dituen oraindik ez du zehaztu. Balearen Eguneko programazioa, berriz, datorren astean iragarriko dela esan du.