Ahalduntze Eskolak hainbat ekimen antolatu ditu uda bitartean

Iñigo Gaiton 2022ko api. 27a, 10:18

Tailer, ikastaro eta film proiekzioak iragarri dituzte, eta aurten, pandemiaren testuinguruak uzten duenez, ikasturte bukaerako festa ere antolatu dute yoga saioa eta meriendarekin. Nabarmentzekoa da maiatzaren 12rako deitu duten bilera; hain zuzen ere, Emakume Mahaia sortzeko lehen hitzordua izango da.

Emakumeon Ahalduntze Eskolak uda bitarteko programa plazaratu du. Ekimen ugari egingo dituzte ekaina bitartean, eta nabarmentzekoa da maiatzaren 12rako deitu duten bilera. Hain zuzen ere, Emakume Mahaia sortzeko lehen hitzordua izango da. Horrez gain, tailer, ikastaro eta film proiekzioak ere egingo dituzte, eta aurten, pandemiaren testuinguruak uzten duenez, ikasturte bukaerako festa ere antolatu dute yoga saioa eta meriendarekin.

Ahalduntze Eskolak azaldu duenez, elkartea sortu zutenetik helburu argi batekin jardun dute lanean: "Herriko emakume anitzen ahotsak entzun eta horien beharrak asetzeko ekimen eta udal politika desberdinak bultatzen aritu gara". Xede hori gauzatzeko bidean, ikusi dute emakumeen partea hartzea "ezinbestekoa" dela berdintasun politikak herritik eraiki ahal izateko. Ildo horretan, Emakume Mahaia sortzea proposatu diete herritarrei, eta lehen bilerara bertaratzera gonbidatu dituzte "udalaren berdintasun politiketan eragin nahi duten norbanako eta taldeetako ordezkariak". Emakume Mahaiak xedetzat izango ditu, besteak beste, "udaleko berdintasun politiken norabidearen inguruko hausnarketak egitea eta udal ordezkarien mahai gainean proposamenak jartzea".

Arraun surfa, martxan

Programaren barruan, arraun surf ikastaroa ere antolatu dute, eta atzotik maiatzaren 25a bitartean, parte hartzaileek asteazkenero izango dute hitzordua Arraunetxen. Lehen taldeak 17:00etatik 18:30era egingo du ikastaroa, eta bigarrenak 18:30ean hasi eta 20:00etara bitartean. Dagoeneko beteta daude bi taldeak.

Ekimenei buruzko informazio gehiago lortzeko, 623178553 telefonora deitu daiteke edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbide elektronikora idatzi. Ohiko zerbitzuak Ahalduntze Eskolak iragarri du martxan jarraituko dutela orain arteko zerbitzuek ere: aholkularitza juridikoa eskainiko dute haien bulegoan maiatzak 2, 30 eta ekainaren 20an; bestetik, indarkeria matxistaren inguruko bidelaguntza eta aholkularitza ere emango dute astero, astelehen eta ostiraletan 16:00etatik 19:00etara eta asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara.

Programa

  • Arraun surf ikastaroa. Apirilaren 27tik maiatzaren 25era bitartean, asteazkenero, Arraunetxen. Emakumeei zuzendutako ikastaroa da, elebitan egingo dute, eta izen emateak 25 euroko prezioa du.
  • Emakume Mahaia. Maiatzaren 12an egingo da emakumeen Emakume Mahaia sortzen lehen bilera, 18:00etatik aurrera, Salatxo aretoan. Euskaraz egingo dute saioa, eta antolatzaileek emakumeei luzatu diete bileran parte hartzeko gonbidapena.
  • Nolako herria da Orio LGTBI+ pertsonentzat? tailerra. Maiatzaren 26an egingo da tailerra, 18:00etatik aurrera, Salatxo aretoan, eta irekia izango da herritar guztientzat. Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarretak gidatuko dute saioa. Sarrera doan.
  • Gure hots dokumentala. Ekainaren 9an botako dute kultur etxean Arrate Fernandez Itxasok zuzendutako filma, 18:30ean hasita. Sarrera doan.
  • Ikasturte amaierako festa. Yoga saioa eta merienda. Ekainaren 24ean, 19:00etan. Tokia zehazteko dago. Jesica Moralesek gidatuko du emakumeentzako yoga saioa, eta doan izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide