OBB garaipenik gabe bueltatu da Bartzelonatik

Iñigo Gaiton 2022ko api. 26a, 14:00

Ligako talderik indartsuenetako baten aurka jokatu zuen OBBk asteburuko jardunaldia, Sant Boi-ren kontra, eta bi partidak galduta itzuli ziren etxera herriko softbol jokalariak.

Jardunaldi zaila zuela jakinda bidaiatu zuen asteburuan OBBk Bartzelonara (Herrialde Katalanak), eta esku hutsik etorri dira. Sant Boi taldea izan zuten aurkari, ligako talderik onenetakoa, eta ez zuten lortu jokatutako bi partidetatik bat bera ere irabaztea.

Taldeak azaldu duenez, "nahiko ondo" hasi ziren defentsa lanetan, baina ez zuten asmatu bateekin puntuak egiten, eta 11-0 galdu zuten lehen partida. Bigarrena hobeto hasi zuten oriotarrek, baina 4. txandan, defentsan egindako akats batzuen ondorioz, eskuetatik alde egin zien partidak, aurkako 12-0 emaitzarekin bukatuz.

Porrota kolpe gogorra izan arren, hurrengo partidarako "gogotsu" daude OBBko kideak, eta Madrilgo Dridma taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Mendibeltzen. Maiatzaren 1ean dute hitzordua, 11:00etatik aurrera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide