Asteburuan Euskadiko Batel Txapelketa jokatu dute Sestaon (Bizkaia), eta Orioko arraunlariek pozik egoteko moduko emaitzak lortu dituzte. Larunbateko sailkapen estropadan bost batel uretaratu zituen Oriok, eta horietatik hiruk aurreneko lauren artean bukatu zutenez, igandeko finala lehiatzeko txartela eskuratu zuten. Hain zuzen ere, infantil, kadete eta jubenil mailetako mutilek jokatu zuten finala, eta hirugarren lekuan bukatuta, brontzezko domina bana eskuratu zuten. Horri esker, datorren asteburuan Pasaian jokatuko duten Espainiako Txapelketan parte hartu ahal izango dute. Infantil eta kadete mailetako neskek, aldiz, ez zuten lehenengo lau postuetan bukatzerik izan, eta igandean kontsolazio txandan lehiatu zuten.