Zeru lainotuarekin, baina iragarritako euririk ez zela aprobetxatuz, bisitari askorekin abiatu dute Landare Berezien Azokaren aurtengo edizioa. Azken bi urteetan ez da aurrez aurreko azokarik izan (2020an bertan behera laga behar izan zuten pandemiagatik, eta 2021ean modu birtualean egin zuten), eta jendeak gogotsu hartu du aurtengoa.
Ohi bezala, jatorri desberdinetako erakusleek postu ugari (47) jarri dituzte Iturraran parketxearen inguruko txoko ederretan, eta denetan ibili da jendea goizean zehar. Mintegiak eta bisita gidatuak ere ari dira egiten.
Landareak ikusteko eta erosteko aukeraz gain, jan-edanerako eta produktu ekologikoen salmentarako tokia egokitu dute antolatzaileek, eta giro polita sortu da han ere. Azokak irekita jarraituko du 18:00ak arte, eta bihar ere egun osoan zehar egongo da zabalik, 10:00etatik aurrera.