Zaharren Babeslekuaren urteko jarduna bermatzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean elkartearen presidente Txomin Iribarrek eta Orioko alkate Anuska Esnalek. Urtero berritu ohi dute hitzarmena, elkarteak udalaren laguntza ekonomikoa ezinbestekoa baitu urte osoko jardueren egitaraua gauzatu ahal izateko. Horrekin eta bazkideen ekarpenekin osatzen du urteko aurrekontua.
Egun, 865 bazkide ditu Zaharren Babeslekuak, eta azken bi urteetan pandemiaren eraginez bertan behera utzitako jarduerak berreskuratzen ari dira pixkanaka-pixkanaka; tartean, asteroko bingoa. Hitzarmena sinatzerakoan, Zaharren Babeslekuak erretiratu eta pentsionisten arteko harremanak sustatzeko egiten duen lana nabarmendu du udalak. Elkartearen helburu nagusia da adineko herritarren arteko harremanak indartzea, elkarri laguntzeko dinamikak sortuta eta jarduera sozial, artistiko eta ludikoak antolatuta: bidaiak, festak, hitzaldiak… Besteak beste, elkarrekiko errespetua, ohitura osasungarriak eta bizikidetza lantzeko programatutako ekintzak izaten dira horiek.