Aste Santuaren ostean berriz ere ibilaldi osasungarrien programari helduko dio Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak. Herritar guztientzako irekita dagoen jarduera da,eta asteartero elkartuko dira. Anbulatorio paretik abiatuko dira 10:00etan, eta bost kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek; ordu eta erdi inguruko iraupena izango du gutxi gorabehera.
Jardueraren helburua da herritarren artean bizimodu osasungarria sustatzea, minbizia bezalako gaixotasunak izateko arriskua murrizten laguntzeko. Egitasmoan parte hartzea doakoa da, eta edonork parte har dezake.
Erretzeari uzteko terapia
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio arloak erretzeari uzteko doako talde terapia zerbitzua ere eskaintzen du, eta maiatzean ere taldea martxan jarriko du. Psikologo aditu batek gidatzen du terapia hori, zortzi aste irauten ditu, eta antolatzaileek azaldu dutenez, %60ko arrakasta tasa du. Terapia online edo aurrez aurrekoa izan daiteke.
Erretzeari uzteko terapian izena emateko azken eguna apirilaren 30a izango da. Horretarako 943-45 77 22 telefono zenbakira deitu edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidali daiteke