Futbol 7 txapelketa antolatu dute ostiralerako

Aitziber Arzallus 2022ko api. 11a, 11:14

Mendibeltz futbol zelaian jokatuko dute txapelketa, 10:00etatik 21:00etara, eta bihar, asteartea, bukatuko da izen-ematea.

Ostiralean futbol 7 txapelketa jokatuko dute Mendibeltz futbol zelaian. Goizean hasi eta iluntzera arte, egun guztia iraungo du lehiak; 10:00etatik 21:00etara, antolatzaileen aurreikuspenen arabera. Dena dela, parte hartzen duen talde kopuruak baldintzatuko du hori, eta oraindik zabalik da izen-ematea: lotura honetan eman daiteke izena eta bihar bukatuko da epea.

16 urte edo gehiago dituzten herritarrek parte har dezakete txapelketan, eta talde bakoitza gutxienez zazpi jokalarik eta gehienez hamabik osatu beharko dute, genero bereizketarik egin gabe. Txapelketa gauzatu ahal izateko, gutxienez hamar taldek eman beharko dute izena, eta txapelketaren formatua parte hartuko duen talde kopuruaren araberakoa izango denez, antolatzaileek izen-ematea amaitzean jakinaraziko dute talde bakoitzak noren kontra eta noiz jokatu beharko duen.

Txapelketan parte hartzeko, 60 euro ordaindu beharko ditu talde bakoitzak, eta biharkoa izango dute ordainketa egiteko azken eguna; ordainketa egin arte ez dute izen-emate inprimakia itxitzat joko. Ordainketa Bizum bidez egin beharko dute 638 007 637 zenbakira, kontzeptuan "Futbol 7 Txapelketa eta taldearen izena" jarrita. Antolatzaileek garbi adierazi dute hori egin arte ekipoa ez dela inskribatuta egongo.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide