Azken egunotan bideo bat bolo-bolo aritu da sareetan; Etxeluze gaztetxeak egindako bideo bat, hain zuzen. Orioko kale izendegian aldaketak egitea eskatu dute. Bideo honetan jasotzen dutenez, oriotarrek "heroi" bihurtutako bost "kriminal" daude herriko kale izendegian jasota: Juan Urdaire, "Terra Firma armadako almirantea"; Antonio Aritzaga, "San Pedro gerraontziko kapitaina"; Tomas Endaia, "Manila gerraontziko jenerala"; Gabriel Hoa, "Felipe III.aren Indietako idazkaria"; eta Antonio Antxiola, "Carlos III.aren ministroa".
Orioko kale eta plaza hauetako izendegia aldatzea eskatu dute, eta bost pertsona hauek ez izatea beraien izeneko kalerik herrian. Proposamenak ere egin dituzte Etxeluze gaztetxoek bideo honetan. Hala, Inude plaza, Kixkurne kalea edo Gaupasero kalea izenekin ordezkatzea proposatzen dute.