Carlos Rodriguez-Sierra oriotarrak zahartze aktiboa sustatzeko helburua duen Trak.Silver programa garatu du, eta bihar arratsaldean herritarren aurrean aurkeztuko du. Salatxo aretoan egingo du aurkezpena, 18:45ean hasita, eta programan parte hartzeko interesa duten herritar guztiei azaltzeko deia egin die.
Trak.Silver adinekoen zahartze aktiboa bermatzea helburua duen fisioterapia programa bat da, eta ariketa egiteko errutinak eta etxeko fisioterapiako tratamenduak bateratzen ditu. Euskal Geriatria eta Gerontologia Elkarteak, zahartzaroan aditua den Eraberri fisioterapia zentroak eta EHUko Ageing On ikerketa taldeak indarrak batu dituzte proiektua aurrera ateratzeko. Helburu nagusia parte hartzaileen gaitasun funtzionalak hobetzea da, hauskortasuna saihestea eta haien autonomia mantendu eta bultzatzea.
Programak hiru fase nagusi ditu, pertsona bakoitzaren beharrei modu pertsonalizatuan erantzuteko, eta bertan parte hartzen dutenek fisioterapia saioak jasoko dituzte modu presentzialean edo online. Hamabi asteko programa Adinberri Fundazioak finantzatzen du. Egitasmoan parte hartzeko interesa duten herritar guztiei zuzendutako saioa izango da biharkoa.