"Herriaren diseinu inklusiboa" garatzea helburu hartuta, irisgarritasun plan berria lantzen ari da Orioko Udala. Joan den hilean hainbat erakunde, elkarte, klub eta gizarte erakunderekin biltzen ari dira, eta ostegunerako gaian interesa duen edonori zabaldutako hitzordua jarri dute.
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean osatzen ari dira irisgarritasun plan berria. Dena den, gogorarazi dute Orioko Udalak hogei urtetik gora daramatzala irisgarritasunarekin lotutako aldaketak proposatzen: "2001ean, 2011n eta 2018an irisgarritasun plan bana egin ziren, eta haien bidez proposatutako egokitzapenek erabat aldatu dute udalerriaren diseinua. Hala, herriko irisgarritasun maila nabarmen hobetu da". Herriaren diseinu inklusiboa garatu nahi dute, desgaitasun fisikoa, bisuala, entzumenekoa eta kognitiboa duten pertsonek oztoporik gabeko espazioez gozatzeko aukera izan dezaten.
Hiru saio
Plan orokorra garatu bitartean, herritarren parte hartze mahaia deitu nahi du udalak, oriotarren ideiak eta proposamenak jasotzeko eta espazioen irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Hiru bilera egingo dituzte maiatzera bitartean. Lehen saioa martxoaren 31n egiteko asmoa zuten arren, saioa apirilaren 7ra atzeratu behar izan zuten. 18:30ean jarri dute hitzordua, Kosta tailerreko lehen solairuan, eta bertan izateko ala zalantzak argitzeko, 635 751 339 telefono zenbakira Whatsappa idatzi behar da.